Maiz egiten diren galderak

5 abendua, 2025

Berriak

Zer beste sare sozial daude fedibertsoan?

Ziurrenik ezagunenak PeerTube eta Pixelfed dira, bideoak eta argazkia partekatzeko. WordPress-eko blogak fedibertsoaren parte izan daitezke, behar den plugina gehituz gero. [Fedibertsoa.eus] web-orrian mapa osatuagoa duzu.

Nola erabakiko dut zein zerbitzaritan emango dudan izena? Zer ondorio ditu?

Zerbitzari bakoitzak bere arauak ditu: pertsona edo kolektibo batek kudeatzen du, eta hark erabakitzen du/dute nola mantentzen den, nola finantzatzen den eta zer moderazio-irizpide aplikatzen diren. Zerbitzari guztietan irakur dezakezun «Honi buruz» bat dago, zein komeni zaizun erabakitzeko.

Mastodon erabiltzen ari zarenean, ikusiko duzu, jarraitzen dituzuen kontuek argitaratzen dutena irakurtzeaz gain, mezuen hari berezi bat duzula, «Lokala» izenekoa, non zure zerbitzarian argitaratzen ari den guztia ikusten duzun. Interesatzen zaizun gai batean zentratutako zerbitzari batean izena ematen baduzu, edo zure hirian kokatuta badago, adibidez, hari lokala baliotsua izango da; zerbitzari generalista batean bazaude, zure hari lokala interesatzen ez zaizkizun eta inoiz begiratuko ez diozun hainbat gauzaz beteta egongo da ziurrenik, eta jarraitzen dituzun kontuekin bakarrik geratuko zara. Hau da: zerbitzariak komunitatea sortzeko modu bat dira, baina ez da bakarra.

Edonola ere, beti aldatu ahal izango duzu zerbitzaria. Zure kontua beste zerbitzari batera eramaten duzunean, erraza eta azkarra da zure kontaktuak (jarraituak eta jarraitzaileak) migratzea, baina ez zure mezu-fitxategia. Mezu horiek zerbitzari zaharrean argitaratuta geratuko dira, hala nahi baduzu.

Ba al dago ezagutu behar duzun komunitatearen etiketa edo araurik?

Komunitate guztietan bezala, fedibertsoak bere kodeak eta ohiturak ditu, baina ez larritu, batez ere jendea nahiko atsegina delako, eta pixkanaka ikasten joango zara… Hala ere, bi hauek bereziki interesgarriak iruditzen zaizkigu:

  • Irudiei testu alternatiboa (ALT) gehitu ohi zaie, deskribatzeko eta ikusteko zailtasunak dituzten pertsonentzat irisgarri egiteko balio duena. Hori egiten laguntzen dizun bot zoragarriak daude (euskaraz oraindik ez), eta ALT gabeko irudi bat igotzen duzun bakoitzean AA-k sortutako deskribapen batekin erantzungo dizute.
  • «Edukiaren abisua» (edo «trigger warning») gehitzen da gai sentikor bati buruz edo beste pertsona batzuentzat desatsegina edo traumatikoa izan daitekeen gai bati buruz idazten duzunean. Horretarako, mezuak idazten diren kaxaren azpian dagoen triangelua klikatu behar duzu. Horrela, zure argitalpenaren testua ez da zuzenean ikusiko eta zure jarraitzaileek erabaki ahal izango dute kargatu nahi duten ala ez.
  • Pertsona batzuek ezabatu egiten dituzte mezuak denbora jakin bat igaro ondoren. Aztarna digitala murrizteko eta zerbitzarien karga arintzeko modu bat da. Zure profilaren doikuntzen menuan, automatikoki gerta dadin konfiguratzeko aukera duzu. Egiten baduzu, zure bio-an zehaztu dezakezu, mundu guztiak uler dezan zergatik desagertzen diren zure argitalpenak.

Zer tresna erabil ditzaket Mastodoni etekin handiagoa ateratzeko?

Fedibertsoa ekosistema bizia da, zure esperientzia hobetzeko proiektu ugari dituena. Hona hemen gomendio batzuk:

Moshidon Mugikorrarentzat, Androiden

Moshidon Playstore

OpenVibe Mugikorrarentzat, Androiden

OpenVibe orrialde ofiziala

Blueskyn ere bazaude, zure Bluesky eta Mastodon kontuak batera kontsultatzeko aukera ematen dizun app honek

Phanpy Nabigatzailerako

Phanpy orrialde ofiziala

Mastodeck

Mastodeck orrialde ofiziala

Tweetdeck bezalako zerbaiten falta sumatzen baduzu

Fediplan

Fediplan orrialde ofiziala

Argitalpenak programatu nahi badituzu

Analytodon

Analytodon orrilade ofiziala

Mastodonek ez duenez estatistika-panelik, zure kontuaren bilakaeraren jarraipena egiteko

FediDB

FediDB orrialde ofiziala

Fedibertsoaren estatistika osoak bilatzen ari bazara (zenbat jendek erabiltzen duen, zenbat instantzia dauden, etab.)

Activitypub wordpress plugina

Acttivitypub plugina

WordPress blog bat baduzu eta fedibertsoaren parte izatea nahi baduzu, plugin hau instalatu dezakezu

Nork ordaintzen du guzti hau?

Alemanian egoitza duen irabazi asmorik gabeko enpresa batek garatzen du Mastodon, eta dohaintzei eta diru laguntzei esker finantzatzen da. Diru publikoarekin finantzatutako zerbitzari eta ikerketa proiektu batzuk daude. Gainerako fedibertsoak ekonomia kolaboratibo eta batzuetan prekario baten barruan funtzionatzen du: dohaintzekin, erakunde sozialekin eta borondatezko lanarekin. Zuk edo zure erakundeak denborarekin edo diruarekin lagundu badezakezue, oso ongi etorria izango da.